Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tulebras

Nafarroako hegoaldeko udalerria (Tuterako merindadea). Mugak: iparraldean, ekialdean eta mendebalean, Cascante eta hegoaldean, Monteagudo eta Barillas. Garaiera, 373 m. 3,83 km2. 1999ko datuen arabera, 103 biztanle (tulebrastarrak). Keiles ibaia hegoaldetik iparraldera igarotzen da. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu ez-euskaldunean dago. Laborantza (garia, garagarra, mahatsa, olibondoak, esparragoak; langileen % 40), industria (janari industria; langileen % 25) eta zerbitzuen alorra (oinarrizko zerbitzuak; langileen % 35) dira ekonomia jarduera nagusiak. Aipagarria da XII. mendearen hasierako monasterio zistertarra (mojentzako lehen komentu zistertarra Espainian). Nabarmentzekoak dira monasterioko eliza (XIII. m.), XVI. mendeko klaustroa, mende bereko erretaula nagusia, XIII. mendeko harrizko aldarea, XIV. mendeko Ama Birjinaren irudia eta monasterioan bertan dagoen museoa. v Historia. Monasterioaren inguruan sortu zen herria. XIX. mendearen erdialdean bihurtu zen udalerri.