Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Timur-i Lang

edo Tamerlan. (Eusk. «Timur Herrena»). Turkiar-mongoliar enperadore musulmana (Kesh, Samarkandatik hurbil, Uzbekistan, 1336 - Tximkent, Kazakhztan, 1405). Indiako eta Mongoliako lurraldeetatik Mediterraneo aldeko lurretara zabaldu zen haren inperioa. Transoxanian, egungo Uzbekistanen, finkatu zen barlas mongoliar leinuko kidea zen. Lang deitzen zioten pertsiar etsaiek, gudu batean hanka bat elbarritu zitzaiolako, eta izen hori zabaldu zen Europan zehar. Mongoliar soldadu nomada batzuen buruzagi gisa hasi zen; 1364an, abentura eta gorabehera askoren ondoan, Ilias Khoja Transoxaniako erregea menderatu zuen eta 1366-1370 bitartean, Mongoliar inperioko khan nagusi bihurtu zen, Samarkandako hirian. 1370-1380 bitartean, Turkistan aldeko khanerriak menderatu eta, Krimeako mongoliar agintarien laguntzaz errusiarrei eraso zien. 1380an sartu zen Moskun eta lituaniarrak garaitu zituen Poltavako guduan. 1383an Pertsiako konkistari ekin zion: 1383-1385 bitartean Khorasan eta Pertsiako ekialdea konkistatu zituen eta 1386-1394 bitartean, Farz, Irak, Azerbaijan, Armenia, Mesopotamia eta Georgia geratu ziren haren mendean. Urte haietan, Tokhtamish Krimeako khan mongoliarra izan zuen arerio nagusi; 1391n menderatu zuen Tokhtamish eta Moskuko hirian egon zen ondoren, urtebetez. 1398an, Indiari eraso zion bertako musulmanek hinduen aurrean toleranteegiak zirelakoan, eta urte bereko abenduan Delhiko hiria suntsitu zuen. 1399ko apirilean irten zuen Indiatik eta espedizio bat antolatu zuen Egiptoko mamelukoen eta Baiazid I.a sultan otomandarraren aurka. 1401ean mamelukoak menderatu zituen Sirian eta sakaila handia agindu zuen urte berean Bagdadko hirian, haren aurka matxinatu zelako. 1402an hartu zuen Ankara eta 1404an erretiratu zen Samarkandara, Bizantzioko enperadoreak eta Egiptoko sultanak men egin ondoren. Hiri hartara iritsi orduko hasi zen Txinako konkista prestatzen, baina gaixotu eta hil zen. Gur-e Amir hilobi handian ehortzi zuten Samarkandako hirian. Hil ondoren, seme eta biloba nagusien artean banatu zen haren inperio handia. Timur-i Lang mongoliar buruzagi nagusietako bat izan zen, Gengis Khan-en parekoa. Haren eta haren ondorengoen garaian, munduko hiri ederrenetako bat izan zen Samarkanda eta artea eta kultura loratu ziren Asiako erdialdeko lurretan. Indian, Pertsian eta Europan, ordea, musulman munduko hiri nagusietako batzuk gupida gabe suntsitu zituen mongoliar buruzagi ankerraren irudia zabaldu zen.