Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Timoxenko, Semion Konstantinovitx

Errusiar mariskala (Furmanka, Besarabia, 1895 - Mosku, 1970). 1917an gudaroste gorriko kide egin zen; 1918-1920 urteetan Polonian barneratu zen militar taldearen komandante zen. Stalinekin eta Voroxilovekin batera Wrangel-en osteen aurka borrokatu zen. Gerra zibila amaitutakoan alderdi komunistako kide egin zen, eta alderdiko batzorde zentraleko kide hautatu zuten. 1939an Finlandiaren aurkako gerran parte hartu zuen; han gerrarako dohainak erakutsi zituen. Poloniako ekialdea okupatu zuen ondoren eta 1940an mariskal egin zuten. 1941ean Alemaniako gudarostea gerarazi zuen Smoliensken eta urte bereko azaroan Rostov berreskuratu zuen Errusiarentzat. 1942. urtean, ordea, Jarkoveko gudua galdu zuen eta Zhukovek okupatu zuen haren kargua. 1945-1947 urteetan Txinan izan zen, eta txinatar gudarostea berrantolatzeko lanetan jardun zuen. 1955-1960 urteetan Minsk aldeko gudarosteko buruzagia izan zen.