Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thubron, Colin

Britainiar eleberrigile eta idazlea (1939). John Dryden poetaren ondorengoa. Editore lana utzi zuen bidaiatzeko eta idazteko aukera izatearren. Bere lehenengo liburuak Sortalde Hurbilari buruzkoak dira, Damasko, Libano eta Jerusalemi buruzkoak batez ere. Egungo bidaia liburuen idazle onenetakotzat hartua da. Brezhneven gobernuaren azkeneko urteetan Errusiako mendebaldea esploratu zuen autoz. Bidaia hartan ikusi eta entzundakotik Errusiarren artean (1983) idatzi zuen. Txinako eskualde urrunenetako bateraino eraman zuen bidaia luze akigarri baten ondoren, Harresiaz bestalde (1987) idatzi zuen, ekonomia eta politika egoera asaldatu batean kokatutako txinatarren eguneroko bizitzari buruzko kontakizunez osatua. Ikuspegi beretik idatzi zuen Asiako bihotz galdua (1994), Asiako erdialdeko errepubliketako egoera aztergai harturik. Bere eleberriak ere oso goraipatuak izan dira, batez ere haietako bi: Zoramen ankerra (1984), zahar etxe batean sartuta dagoen pertsona baten lekukotasuna, eta Erorikoa (1989), maitasun istorio bat.