Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Thompson, Daley

Britainiar atleta (Londres, 1958). Historiako kirolari on eta osoenetako bat, zalutasun eta indar handikoa. Dekatloi probetan parte hartu zuen. Urrezko bi domina irabazi zituen Olinpiar Jokoetan, munduko txapelketa bat irabazi zuen, Europako bi, eta Commonwealtheko Jokoetako hiru. Munduko lau errekor hautsi zituen. Bere markarik onenak (8.847 puntu) zortzi urtez iraun zuen. Kirol probetan parte hartzen hasi zenean lasterkari gisa hasi zen. Berehala Ingalaterrako eskola arteko 200 metroko txapelketa irabazi zuen. Geroxeago, Essex Beagles klubean sartu zen, eta entrenatzaileak, lasterketarako eta beste diziplina askotarako dohainak zituela ikusirik, Bruce Longdenengana eraman zuen, dekatloi probetarako Ingalaterrako entrenatzaile onenarengana hain zuzen. 1976an Montréalgo Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta hemezortzigarren lekuan bukatu zuen. Lehenengo garaipen handia Moskuko Olinpiar Jokoetan lortu zuen, 1980an, urrezko domina lortu baitzuen, 8.495 punturekin, Olinpiar Jokoen historiako bigarren markarik onenarekin alegia. 1982an Europako Txapeldun geratu zen, 1983an Munduko Txapeldun, eta 1984an, Los Angelesko Olinpiar Jokoetan, txapeldun, ostera, inoizko markarik onenarekin, gainera, 8.856 punturekin. Thompsonen urrezko hirugarren domina lortzeko ametsa Seulen amaitu zen. 1.500 metroko proban, Dave Steen kanadarrak aurrea hartu baitzion, eta hirugarren lekuarekin etsi behar izan zuen.