Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Termopila

(Gr. Thermopylai, «ate beroak»). Greziako eki-erdialdeko igarobide ospetsua, Kallidhromon mendien eta Maliakos golkoaren artean (Ftiotide, Tesalia; Atenas-ko hiritik 136 km ipar-mendebalera). Zazpi kilometrotik gorako luzera du eta, antzinatean, zuzenean amiltzen ziren ia harkaitzak itsasoan (10-50 m-ko zabalerako igarobideak ziren gehienak), baina gaur egun ez da horrelakorik gertatzen, Spercheios ibaiak garraiaturiko alubioiek bost kilometro urrunago utzi baitute itsasertza. Bertako sulfurozko ur iturri beroetatik datorkie izena. v Historia. Greziako historiaren une askotan erabili izan da Termopila arroileko pasabidea. K.a. 480. urtean gertatu zen historiako gudu ospetsuena, Leonidas I.a Espartako erregearen zerbitzuan ziharduten hirurehun gudari espartarrek, haien helote edo zerbitzariek, eta mila eta ehun beoziarrek Pertsiako Xerxes-en armada indartsuari egun batzuez eutsi ziotelako. Bizia galdu zuten, halere, eta Greziako erdialdeko lurrez jabetu ziren pertsiarrak. Milaka hil ziren haiek ere. 1955ean eraiki zen haien oroimenez marmolezko eta brontzezko harri ikusgarri bat Termopila-ko arroilan. K.a. 279an Termopilan garaitu zituzten greziarrek Atenas inbaditu nahian sartu ziren zeltak, eta K.a. 191. urtean gotortu zuen igarobidea Antioko III.a erromatarrei eutsi nahian zebilen seleukotar erregeak.