Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

termometro

iz. Tenperaturak neurtzeko erabiltzen den tresna. Beroaren eraginez sistema jakin batean gertatzen diren efektu mekanikoaz (dilatazioa, adibidez), elektrikoaz (erresistentzia elektrikoaren aldaketa, adibidez) edo optikoaz baliatzen da. Lehen termometroa Galileok asmatu zuen 1597. urtean. Gaur egun erabiltzen diren termometro arruntenak, besteak beste, alkoholaren eta merkurioaren dilatazioan oinarritzen dira. v Merkuriozko termometroa. Beroaren eraginez merkurioak izaten duen dilatazioan oinarritzen den termometroa. Ontzi itxi bat kapilare graduatu bati lotua du, eta merkurioa ontzi horretan dago. v Alkoholezko termometroa. Merkuriozko termometroa bezala, alkoholak kapilarean izaten duen dilatazioan oinarritzen da. v Termometro klinikoa. Giza gorputzaren tenperatura neurtzeko erabiltzen dena. 32-44 °C bitarteko eskala du, gradu bakoitza hamarrekotan zatitua duela. Beirazko ontzitxo batez eta kapilare batez osatua da. Ontzi txian merkurioa du; merkurio hori dilatatu egiten da giza gorputzaren beroa jasotzean eta kapilarean zabaltzen da. v Termometro bimetalikoa. Elkarri soldatuta dauden bi metal xaflez osatutako termometroa; bi metalek dilatazio koefiziente desberdina izaten dute. Tenperatura aldatzean metalak neurri desberdinez dilatatzen edo uzkurtzen dira, bi xaflen sistema kurbaraziz. Termostatoetan erabiltzen da, zirkuitu elektriko bat irekitzeko edo ixteko. v Gas termometroa. Presioa konstante mantenduz gas batek duen bolumen aldaketan, edo bolumena konstante mantenduz gasak duen presio aldaketan oinarritzen da. v Gehieneko eta gutxieneko tenperaturetarako termometroa. Meteorologian erabiltzen den alkoholezko termometroa, gehieneko eta gutxieneko tenperaturak neurtzeko balio duena. v Termometro elektrikoa. Tenperaturaren eraginez magnitude elektriko batek (erresistentziak adibidez) duen aldaketaren neurketan oinarritzen den termometroa. Era askotakoak daude: erresistentziazko termometroak, termometro termoelektrikoak, termopareak, eta abar.  v  Zuntz optikoko termometroa. 2.000 °C arteko tenperaturak neur ditzakeena, azken urte hauetan garatua.