Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Teheran

Irango eta izen bereko herrialdeko (19.118 km2 eta 8.719.480 biztanle ditu herrialdeak) hiriburua, Elburz mendien hegoaldeko magalean. 6.042.500 biztanle. Hiru unibertsitate. Aireportua. Arkeologia museoa. Monumentu nagusiak Shah-ren jauregiak eta mezkita dira. Burdinbide batek lotzen du hiria Pertsiako golkoarekin, eta beste batek Kaspiar itsasoarekin. Komunikabide, merkataritza eta industria (burdingintza, mekanika industria, ehungintza, beiragintza, petrolio findegiak) gune garrantzitsua. v Historia. Mendeetan zehar Pertsiako hiriburua zen Ray-ko aldiri txikia izan zen. 1220. urtean mongoliarrek Ray suntsitu zutenean Teheran hartu zuten bizilekutzat hiri hartako biztanle askok eta, hala, hiri bihurtu zen. 1788. urtean Aga Mohamed shahk hiriburu bihurtu zuen Teheran eta denboraren poderioz Irango ekonomia eta kultura gune nagusi bilakatu zen. 1943. urtean Teherango Konferentzia egin zen hirian, Estatu Batuetako, Erresuma Batuko eta Sobietar Batasun ohiko agintariak bildurik. Iranen burujabetasuna bermatzeko akordioak sinatu zituzten, besteak beste. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean hiria nabarmen hazi eta modernotu zen, petrolioaren ustiapenak sortzen zituen mozkinei esker, batez ere. 1980 aurreko urteetan barne arazo larriak izan ziren eta herri matxinadak Mohamed Reza Sha Pahlavi erregea kendu zuen aginpidetik. Hurrengo urteetan, irandarren eta irakiarren arteko gerra zela eta, moteldu egin zen hiriko ekonomia hazkundea, demografia hazkundea gelditu gabe ordea, eta munduko hiririk handienetakoa bihurtu zen.