Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tegucigalpa

Hondurasko errepublikako eta Francisco Morazan departamenduko hiriburua, Choluteca ibaiaren ertzean. 608.000 biztanle. Unibertsitatea (1847). Apezpikutegia. Nazioarteko aireportua. Nekazaritza oso aberatsa da (kafea, tabakoa, laboreak, fruituak, aziendentzako bazka). Abere hazkuntza. Herrialdeko industria (janari industria, ehungintza, kimika industria, papergintza, zapatagintza, larrugintza, eraikuntzarako gaiak), merkataritza eta zerbitzu gune garrantzitsuena da. Inguruetan urre eta zilar hobiak daude. v Historia. Indiarrek sortu zuten hiria eta Tisingal izena zuen. Geroago Tegucigalpa, “zilarrezko mendia”, izena eman zioten. 1578an zilar hobi garrantzitsuak aurkitu ziren han, eta haren inguruan garapen handia izan zuen Tegucigalpak. 1762. urtean villa titulua eman zion Guatemalako auzitegiko lehendakariak, eta 1768an Karlos III.ak berretsi zuen titulu hori. 1821. urtean, independentzia lortu zuen urte berean, hiri maila eman zioten. Comayagua hiriarekin batera lurraldeko hiriburua izan zen 1824-1880 bitartean, eta urte hartan Hondurasko hiriburu bakar bihurtu zen.