Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sun Ra

(Jaiotza izena, Herman Sonny Blount edo Lee). Estatubatuar musikagilea eta piano jotzailea (Birmingham, Alabama, 1914 edo 1915 - 1993). Sun Ra-ren gaztaroko daturik ez dago ia. 1935. urte inguruan John Fess Whatley-k zuzendutako orkestra batean aritu zen. 1930eko hamarraldiaren amaieran, Sonny Blount izenpean, moldaketak idatzi zituen, Chicagoko DeLisa klubean jo zuen eta Wynonie Harris eta Joe Williams-en laguntzaile izan zen. 1946-1947 bitartean, Fletcher Henderson-en orkestrako kide izan zen. 1947an disko bat grabatu zuen piano jotzaile gisa Dukes of Swing taldearekin. 1950eko hamarraldian hirukote bat osatu zuen eta berak asmatutako tresna elektroniko bat jotzen hasi zen. 1956an Arkestra orkestra sortu zuen, urteen joanean hainbat izen izan zituena: Solar, Myth Science, Astro Infinity, Intergalactic Research, Astro Intergalactic Infinity, Outer Space, etab. Orkestra horrekin ikuskizun berezia eskaintzen zuen, musika, argiak, testuen irakurketa, etab. nahasten zituena. Poliki-poliki nabarmenkeriaz betetako ikuskizunak antolatu zituen eta Frantziako Barne ministro zen Raymond Marcellinek debekatu egin zituen orkestraren emanaldiak. Arkestra taldeak disko ugari grabatu zituen, berrehunen bat, baina disko horien zabalpena ez zen handia izan. 1960ko hamarraldian Sun Ra-k New York-en hartu zuen bizilekua, eta oso ezagun bihurtu zen free jazz-aren inguruan. Jazz Composer’s Guild Association-aren lanetan parte hartu zuen, Greenwich Villagen jo zuen, eta bira bat egin zuen Kalifornian barrena. 1970ko hamarraldiaren amaieran Filadelfian hartu zuen bizilekua. Hainbat filmetan ere parte hartu zuen: Cry of Jazz (Edward Bland, 1959), Free Jazz: Sun Ra (Jean-Michel Meurice, 1970), Jazz Concerto: Sun Ra (Luigi Costantini, 1976), Sun Ra: a Joyful Noise (Robert Mugge, 1980), Mister Ra (Franck Cassenti, 1983). Passing Through (Larry Clark) filmeko musika osatu zuen 1977an.