Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Summer, Donna

Estatubatuar abeslaria (1948). Haurretan gospel abesbatza batean kantatu zuen. 1967an Bostongo rock talde batean (The Crow) kantari izan zen denboraldi labur batez, Hair (Ilea) filmean garrantzizko papera jokatzera Alemaniara joan baino lehen. 1973rako Municheko Musicland estudioetan hasi zen lanean eta Giorgio Moroder eta Pete Bellote ezagutu zituen. Handik gutxira "Hostage" eta "Lady Of The Night" grabatu zituzten, eta 1975ean "Love to Love You Baby". Estatu Batuetako Casablanca Records disko etxeak kontratatu zuen eta berehala "Love To Love You Baby" abestia zerrendetako bigarren posturaino igo zen Estatu Batuetan, eta laugarreneraino Ingalaterran. 1979an bi Grammy sari irabazi zituen. Urte hartan bertan Bad Girls disko bikoitza argitaratu zuen, eta zerrendetako lehen lekuari eutsi zion sei astez. 1980an beste Grammy bat irabazi zuen eta On The Radio (Irratian) bilduma argitaratu zuen, Casablanca Recordsek argitaratua azkena. Urtea bukatu baino lehen Geffen Records etxearekin egin zuen kontratua, eta "The Wanderer" kanta argitaratu zuen, arrakasta handikoa hau ere. Izen bereko diskoak, baina, ez zuen harrera onik izan, eta 1987. urtea arte itxaron behar izan zuen aurreko urteetako arrakasta izateko. Beste zenbait lan aipagarri: I Feel Love (1977); Last Dance; McArthur Park (1978); Another Place & Time (1989); Mistaken Identity (1991); Christmas Spirit (1994).