Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Suárez, Gonzalo

Espainiar zinema zuzendaria eta idazlea (Oviedo, 1934). Filologia ikasketak egin zituen eta unibertsitatean bertan izan zuen antzezle karrera hasteko aukera. Gero hedabideetan hasi zen lanean, irratian, kirol kazetari gisa. 1960ko hamarraldian zenbait eleberri idatzi zituen: De cuerpo presente (Gorpua bertan dela). Bere eleberrietako batzuk filmetarako baliatu izan zirenez, film gidoiak idazten hasi zen, eta filmak zuzentzen gero. Zuzendari gisa, 1967an egin zuen debuta, Ditirambo filmarekin. Hasieran ohi ez bezalako filmak egiten hasi zen, edertasun handiko irudi oniriko eta fantasiazkoak, batetik, eta errealitatekoak, bestetik, nahasiz. Esperientzia horren porrotaren ondoren, zinema tradizionalera itzuli zen, literatura lanak zinemara egokituz. 1994an El asesino triste (Hiltzaile tristea) kontakizun liburua argitaratu zuen, hamar urte ezer argitaratu gabe igaro ondoren, eta 1999an Ciudadano Sade, XVIII. mendeko aristokrata libertinoaren eleberri gisako biografia. Beste film aipagarri batzuk: El extraño caso del doctor Fausto (1969, Fausto doktorearen kasu harrigarria); Aoom (1970); Morbo (1971); Al diablo, con amor (1973, Deabruari, maitasunez); La loba y la paloma (1974, Otsemea eta uso emea); La regenta (1974); Beatriz (1976); Don Juan en los infiernos (1990, Don Juan infernuetan); La reina anónima (1992, Erregina anonimoa); Mi nombre es sombra (1995, Nire izena da itzala).