Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sturges, Preston

(Jaiotza izenaz, Edmond P. Biden). Estatu Batuetako zinema zuzendaria eta gidoigilea (Chicago, 1898 - New York, 1959). Familia aberats batean jaio zen, eta gerora bere filmetan etengabe salatu zuen giro horretako azalkeria. Antzerkian lan egin ondoren Hollywooden jardun zuen Mamoulian, Stahl, Wyler eta gisako zuzendarientzat zinemarako historiak idazten. 1940ean egin zuen lehen filma, The Great McGinty, politikari baten bilakaerari buruzko satira, arrakasta handia izan zuena eta zinemaren ateak ireki zizkiona. Komediaren maisu izan zen, eta elkarrizketa bikainen eta gag ikusgarrien bidez kontakizunaren logika hankazgoratuz umore bortitzeko film zorrotzak egin zituen. 1950etik aurrera zuzendaritza utzi eta zinemarako eta antzerkirako gidoiak idatzi zituen. Filmak: Christmas in July (1940, Uztailean Eguberri), The Lady Eve (1941), The Palm Beach Story (1942, Palm-Beach-eko historia), Sullivan’s Travels (1941, Sullivan-en bidaldiak), The Great Moment (1944, Une handia), Mad Wednesday (1948, Asteazken eroa), The Beatiful Blonde from Bashful Bend (1949, Bashful Bend-eko horail ederra).