Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Stanislavsky, Konstantin

(Jaiotza izenaz, Konstantin Sergueievich Alexeiev). Errusiar antzezlea, antzerki zuzendaria eta teorikoa (Mosku, 1863 - Mosku, 1938). 1888an Arte eta Literatura Elkartea sortu zuen Komisazhevski-rekin batera; han ezagutarazi zuen bere burua. 1898an Moskuko Arte Antzokia sortu zuen Dantxenko-rekin batera. Antzezle eta zuzendari gisa, imitazioa eta itxurakeria baztertu eta pertsonaien eta antzerki lanen benetakotasuna eta funtsa adierazi zituen; Txekhov-en lanak antzerkiratu zituen gehienbat. Teoriko eta pedagogo gisa egindako lanari zor dio Stanislavskyk bere ospea. Aktoreak prestatzeko eta trebatzeko metodo bat sortu zuen, XX. mendeko antzerkigintza irauli duena: barne-azterketaz, intuizioaz eta inkontzientearen indarraz baliaturik aktoreak sakon aztertu eta bilatu behar du pertsonaiaren psikologia, eta haren nortasuna bereganatu eta adierazi behar du pertsonaia izaki bizi bat bailitzan. Idazlanak: Nire bizitza artean, Aktorearen prestakuntza, Pertsonaia nola osatu.