Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spontini, Gaspare Luigi Pacifico

Italiar musikagilea eta biolinista (Majolati, 1774 - Majolati, 1851). Napoliko kontserbatorioan egin zituen ikasketak. 1803. urtean Parisen jarri zen bizitzen. Harrezkero musikagile ospetsu bihurtu zen. 1807. urtean La vestale opera estreinatu zuen Parisen eta Josefina enperadorearen babesa lortu zuen. 1810. urtean Parisko Italiar Operako zuzendari izan zen. 1820. urtean Prusiako Frederiko Gilen II.ak Berlingo musika zuzendari nagusi izendatu zuen, baina enperadorea berehala hil zen eta prusiar abertzaleek kargua uztera behartu zuten. Opera egile ospetsua izan zen garai hartan. Aipagarriak dira: L’Eroismo ridicolo (1797); Il finto pittore (1798); La finta filosofa (1803); Milton (1804); La vestale, Spontiniren lan ospetsuena (1807); Fernand Cortez (1809); Olympe (1819); Nurmahal (1822); Alcidor (1825) eta Agnes von Hohenstaufen (1829).