Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Spinoza, Baruch

Holandar filosofoa (Amsterdam, 1632 - Haga, 1677). Familia judu bateko semea zen. Familia judu batean hazia eta hezia izan arren, sinagogatik egotzi zuten bere iritziak zirela eta; horregatik, bere bizitzan harreman estuagoak izan zituen kristauekin juduekin baino. Holandan bizi izan zen bizitza osoan eta optika kristalak leuntzea zuen ogibide. Spinozaren filosofiak tradizio askotan ditu erroak; batetik, juduen iturriak sakon ezagutzen zituen: Biblia, Talmuda eta Erdi Aroaren hasierako filosofo juduak, Maimonides batez ere, eta Kabala. Bestetik, eragin berezia izan zuen beragan Descartesen filosofiak, hartan oinarritu baitzen bere pentsamoldea egituratzeko. Horiez gainera, Spinozaren pentsamenduak lotura estua du G. Ockham-ekin eta eskolastikaren tradizioarekin; halaber, Greziako estoikoen filosofiak, Giordano Brunok eta Hobbek itzal handia izan zuten beregan. Bere garaiko usadioari jarraituz, lan gehienak latinez idatzi zituen. Obra aipagarri batzuk: Cogitata metaphysica (1663, Metafisika gogoetak), Tractatus de intellectus emendatione (1662), Tractatus theologico-politicus (1665, Tratatu teologiko-politikoa), Tractatus politicus (1675-1677, Politika tratatua), eta Ethica ordine geometrico demonstrata, 1675ean bukatua eta bera hil ondoren argitaratu zena. v Spinozaren metafisika. Spinozaren pentsamendua panteista da; bere ustez mundua eta errealitate guztia printzipio bakar batera, hastapen sortzaile eta eratzaile bakar batera biltzen da; sustantzia deitu zion printzipio hari eta Jainkoarekin lotu zuen. Spinozaren arabera, sustantzia, berez dena, izateko beste ezeren premiarik ez duen hura da. Beraz, Spinozarentzat sustantzia bakarra eta perfektua da –Spinozaren Jainkoa– eta gainerako gauza guztiak atributuak dira. Atributuak mugagabeak dira, baina gizonak bi besterik ez ditu ezagutzen, pentsamendua eta hedadura, hots, arima eta gorputza. Den gauza orok bere barneko printzipioaren aginduari jarraitzen dio eta, hala, mundua bere baitako aginduaren arabera gobernatzen da, zeren eta sustantzia –jainkoa– den guztia baita eta gauza guztiak haren ondorio. Sustantzia edo jainkoa izadia da, baina horrek bi zentzu ditu Spinozarentzat; batetik gauza guztiak jainkoagandik datoz, baina bestetik jainkoak ez du sortzen beragandik desberdina den ezer, beraz, izadia jainkoaren adierazpide da. v Spinozaren etika. Spinozak obra mardul bat idatzi zuen etikari buruz: Ethica ordine geometrico demonstrata. Liburu horretan mundua eta gizonaren egitura eta eraketa matematika bidez adieraz daitekeela erakutsi nahi izan zuen, gizonaren portaera geometriaren bidez froga daitekeela. Spinozarentzat dena da izadia; gizona pentsamendua da, baina harri bat bezain izadi da hala ere, gizona ere sustantziaren modu bat baita, jainkoaren aldaera bat. Baina gizonaren berezitasuna gorputza eta arima izatean datza eta nola ideien eta gauzen artean lotura estua den, paralelismo estua dago arimaren eta gorputzaren artean ere. Gizonari gertatzen zaizkion gauza guztiak, baita grinak ere, naturalak dira, izadiaren aginduari jarraitzen baitiote. Spinoza, beraz, determinista zen. Gizona esklaboa dela uste zuen, premien morroi bizi delako. Aske izateko bide bakarra ezagutza du, aske ez dela jakitea, bere izatea den bezalakoa dela onartzen duenean, ez baitu bere burua estutzen. Filosofia eta ezagutza jainkoaren beraren jakintza da eta jakintzaren modu goren horretan daude gizonaren askatasuna eta zoriontasuna. Bere determinismoan oinarrituz, politikan demokrazia aldeztu zuen; halaber, pentsamendu eta iritzi askatasunaren aldekoa zen, gizon guztiek, jainkoaren adierazpide diren aldetik, eskubide berberak dituztela uste baitzuen.