Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sotomayor, Javier

Kubatar garaiera jauzilaria (Limonar, Matanzas, 1967). XX. mendearen bukaerako atletismoko izar handienetako bat. Hamabost urte besterik ez zituela, bi metrotik gorako jauzia egin zuen. 1984an Kubako marka hautsi zuen lehen aldiz, 2,33 metroko jauziarekin. Erromako munduko txapelketetan (1987) gaizki aritu zen eta bederatzigarren geratu zen, baina urte hartan bertan urrezko domina lortu zuen Panamerikar Jokoetan. Hurrengo urtean, Salamancan (Espainia), munduko errekorra hautsi zuen lehen aldiz (2,43 metro). 1989an marka piskologiko bat hautsi zuen: 2,44 metro (alegia, zortzi oin, neurri sistema anglo-saxoian). 1990ean Godoy entrenatzailea hil zitzaion eta hurrengo urtean, min hartu baitzuen, ezin izan zuen munduko txapelketan parte hartu. 1992ko Olinpiar Jokoetan, Bartzelonan, urrezko domina lortu zuen, 2,34 metroko jauziarekin. 1993an, Stuttgarten, munduko txapelketa irabazi zuen lehenengo aldiz (1991n zilarrezko domina lortu zuen, eta 1995ean ere bai), eta munduko errekorra hautsi zuen berriro: 2,45 metro. 1997ko abuztuan, Atenasen, munduko txapelketa irabazi zuen bigarrenez.