Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Soto, Jesús Rafael

Venezuelar pintore eta eskultorea (Ciudad Bolívar, 1923 – Paris, 2005). Caracasko Arte Plastiko eta Aplikatuen Eskolan egin zituen ikasketak, 1942-1947 bitartean. Azkeneko urte horretan Marakaiboko Arte Plastikoetako eskolako zuzendari izendatu zuten (1947-1950). 1950ean Parisa joan zen, eta han geratu zen bizitzen. Bere lehenengo lanetan Paul Cézanneren eragina nabari da, eta formen geometrizaziorako joera paisaietan (1949, Marakaiboko paisaia), izadi hiletan, erretratuetan (1949, Dama grekoa), baina Parisez geroztik, abangordiak ezagutu eta Malevic eta Mondrian aztertu ondoren, abstrakzio geometrikorantz egin zuen. Parisko lehenengo obretan dinamismo bisualeko gainaldeak sortzen ahalegindu zen, kolorean, forma geometrikoan eta forma-hondo anbiguotasunean oinarrituta (Composition dynamique, 1951). 1953. urtetik aurrera zinetismo birtualeko lehen lanak egin zituen, forma eta hondoa bereizi ondoren: lehena pexiglasezko plaka garden batean jarrita, eta bigarrena zurezko plaka batean; bien artean 10 zentimetroko tartea utzi zuen eta metalezko ziriez lotu zituen. Garai hartako lanen artean aipagarriak dira La cajita de Villanueva (1955, Villanuevako kutxatxoa) eta Kiribila pexiglasekin (1955). 1955ean, Agam, Tinguely eta Pol Bury-rekin batera, zinetismoaren printzipioak baliatu zituen bere lanetan. Hasieran espazioa materia plastiko gisa erabili zuen (1957, Egitura zinetikoa), eta geroago hondakin elementuak txertatu zituen, bilbe geometrikoekin elkartuta. 1950eko hamarraldiaren bukaeran lehen obra dardaratzaileak egin zituen, eta Eskulturak saila: bilbezko hondo baten aurrean nylon harietatik zintzilika jarritako ziriak; zirien berezko mugimenduak eta ikuslearen perzepzioak aurretik igarotzean efektu zinetikoa sortzen dute (1958, Elementu geometrikoez eratutako egitura zinetikoa). Ildo horri jarraituz, ikuslea obran erabat txertatzea lortu zuen azkenik, Penetrables (Sarkorrak) obren bidez, alegia, ikuslea obran sarrarazten duten espazioen bidez. Halaber, zenbait obra publiko egin zituen, Parisko UNESCO eraikuntzarako horma irudiak (1970), adibidez. Urte hartatik aurrera arkitekturan txertatutako zenbait egitura zinetiko egin zituen: Bolugne-Billancourt-eko Renault fabrikako hall-a (1975); Caracasko Banaven Zentroko bolumen zintzilikatua (1979); Parisko Pompidou Zentroko bolumen birtuala (1987). Laurogeiko hamarraldian berriro aztertu zuen kolorearen anbibalentzia planoaren gainean, Kandinski-ren eta Mondrianen azken aldiaren printzipioen arabera (1980, Gorri zentrala).