Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Solal, Martial

Frantses piano jotzailea, musikagilea eta orkestra zuzendaria (Aljer, 1927). Sei urte zituela piano klasikoa ikasten hasi zen. Estatubatuarrak Afrika iparraldera iritsi zirenean (1942) ezagutu zuen Solal-ek jazz-a. Bere herrialdeko dantza orkestretan jotzen hasi zen. 1950ean Parisa joan zen eta han Jo Jaguar ezizenarekin hasi zen lanean. Hiri horretan Aimé Barrelli, Tony Bennett eta Noël Chiboust-ekin jo zuen, baina batez ere Parisen bizi ziren jazz musikagileekin: Django Reinhardt, Don Byas eta Lucky Thomson saxofoi jotzaileak, Kenny Clarke, etab. 1960an Guy Pederson baxu jotzailearekin eta Daniel Humair bateriarekin garai hartako hirukote berezienetako bat osatu zuen. Newport-eko jJaialdira gonbidatu zuten (1963), eta beste hirukote bat antolatu zuen, baina ez zuen lehenengoaren bezainbesteko arrakasta izan. Orkestrarako hainbat lan ere idatzi zituen. Jazz album garrantzitsuak grabatu bazituen ere (Happy Reunion avec Stéphane Grappelli, 1980), Solal-ek estatus berri bat iritsi zuen, gaur egungo musikagilearena hain zuzen ere. Piano jotzaile gisa izugarrizko teknika zuen eta bat-batean jotzeko erraztasun handia. Hainbat filmetako musika ere egin zuen, hala nola, Bi gizon Manhattan-en (1958), Arnasestuka (1959), Leon Morin apaiza (1961).