Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sjöstrom, Victor

Suediar zinemagilea eta antzezlea (Silbodal, 1879 - Stockholm, 1960). Zinemaren aitzindarietako bat izan zen Griffith-ekin batera. 1895etik 1912ra antzerkiko antzezle izan zen, eta arrakasta handia izan zuen. 1912an zineman hasi zen lanean; antzezle izan zen Mauritz Stiller-en filmetan eta urte hartan egin zuen, zuzendari gisa, bere lehen filma, Tradgardsmastaren (Lorazaina), zentsurak debekatu zuena. 1912tik 1923ra berrogei bat film luze egin zituen, besteak beste: Strejken (1913, Greba), Ingeborg Holm (1913), Körkarlen (1920, Gurdi fantasma). Garai horretako filmetan mistizismoa eta errealismo ia dokumentala uztartu zituen, izadiari nagusitasuna eman zion eta sentimentuen sinbolotzat hartu zuen; maisutasun handiz erabili zuen argazkia eta muntaketa. 1923an Estatu Batuetara joan zen eta han egin zituen filmetan gizabanakoaren eta izadiaren arteko borroka adierazi zuen; garai horretakoak ditu bere bi film onenak, The Scarlet Letter (1926, Gutun eskarlata) eta batez ere The Wind (1928, Haizea), bere garaian arrakastarik izan ez zuena, baina geroztik adituek zinemaren historian goi mailako filmtzat jo izan dutena. 1930ean Suediara itzuli zen; hiru film ahostuna besterik ez zituen egin eta handik aurrera antzezle ari izan zen antzerkian eta zineman. Aipagarria da 1957an Ingmar Bergman-en Smultronstället (Basoko marrubiak) filmean egin zuen antzezlana.