Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

simetria

iz. Aurrez aurreko zatien erabateko egokitasuna forman, tamainan eta egongunean; (Geom.), irudi edo gauzaki baten zatien banaketa kidekoa, puntu, ardatz edo plano bati buruz. || Puntuz puntuko egokitasuna.  v  Aldebiko simetria. Biol. Plano bakar batez edo partetan zati daitezkeen organismoek duten simetria mota, lortzen diren bi irudiak ispiluaren aurrean izango balira bezalakoa. Mota horretako simetria duten loreak zigomorfoak dira.  v  Simetria erradiala. Simetria plano bat baino gehiago duten organismoak. Simetria mota horiizaten duten loreei aktinomorfoak edo erregularrak esaten zaie; ez dira ordea, halako simetria mota duten izaki bizidun bakarrak; esate baterako itsas izarrek halako forma dute.  v  Simetria lerro bati buruz. Geom. Plano bateko irudi bat lerro (l) jakin bati buruz simetrikoa dela esaten da, irudi horretako edozein puntu batek (P), l lerroari buruz ispilu-irudia eta irudi horretako puntua den P’ puntu bat badu. l lerroari simetria lerroa deritzo, eta irudiak duen simetriak aldebiko simetria izena hartzen du. “A” letra esate baterako, simetrikoa da bi erditan zatitzen duen lerroarekiko.  v  Simetria puntu bati buruz. Plano bateko irudia simetrikoa da O puntu bati buruz, irudi horretakoa den edozein P-k, irudikoa den P’ puntu bat badu, O puntua P eta P’ puntuen arteko erdiko puntua delarik. O puntuari simetria zentroa deritza. “S” letra esate baterako simetrikoa da erdi aldean duen puntuari buruz.  v  Kim. Molekula baten osagaiek sistema jakin bati buruz duten antolamendua. Simetria elementu izeneko hiru parametroek finkatzen dute: simetria zentroak, simetria planoak eta simetria ardatzak. Molekularen osagaiak diren atomoak simetria zentroaren inguruan izaten dira ordenan antolaturik. Molekula bakoitzak simetria zentro bakarra du. Simetria planoak molekula irudi edo ispilu segmentuetan zatitzen du molekula. Simetria ardatzak, berriz, simetria zentrotik ateratzen diren ardatzez adierazten dira; molekulak espazioan 360°-ko bira betetzen duenean, antolamendu bera izango du behin baino gehiagotan, sei simetria ardatz dituen benzenoaren molekulak esate baterako, 60°-ko biraz lortzen du hasierakoaren antolamendu bera espazioan.  v  Kristalografian, kristal forma duten solidoen atomoek duten antolamenduaren oinarrizko tasuna. Atomoen antolamendu bakoitzak simetria elementu zenbateko jakin bat du. Simetria elementu horiek errotazioa, translazioa, isla eta iraulketa dira. Kristal formako solido baten simetria elementuek gai horrek duen forma finkatzen dute eta eragina dute halaber, bere tasun fisikoetan. Translazioaz kristalaren osagai diren atomoak norabide jakin batean mugitzen dira, halako moduan non mugitzen den atomo bakoitzaren tokia hura bezalakoa den beste atomo batek hartzen duen, kristalaren egiturak mugitu ez dela dirudiela. Errotazioaz kristala bere barnetik ateratzen den ardatzari buruz mugitzen da; translazioarekin bateragarria den errotazio mugimendu bakarrak kristala 360°/n-ko angeluaz mugitzen du,nhori 1,2,3,4 edo 6 delarik. Islak kristalaren atomoak simetria plano bati buruz aldatzen ditu, eta iraulketak, berriz, kristalaren atomo bakoitza beste kokagune batera mugitzen du; atomoaren hasierako eta bukaerako kokagunea lerro berean dira, eta lerro horren erdialdean izaten da iraulketa puntua. Simetria elementuak elkarrekin konbinatzen dira (errotazioa eta iraulketa bata bestearen atzetik izaten direnean, errotazio-iraulketa izena ematen zaie, esaterako), hala ere konbinazio guztiak ez dira bateragarriak; hala, puntu baten inguruan izan daitezkeen 32 simetria elementuren konbinazio mota besterik ez direla frogatu da. Batera gertatzen diren simetria elementu multzo bakoitzari simetria multzoa edo kristal klasea deritza; klase horiek zazpi kristal sistematan sailkatzen dira.