Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Simeon Estilita, santua

Kristau aszeta (Sisan, Siria, 390 inguruan - Qala’at Sama’an, 459 inguruan). Hogeita hamar urte zituela, eremitismoaren molde berria abiarazi zuen Siriako basamortuan: estilitismoa, zutabe baten gainean penitentzia egiten bizitzea. Gisa horretan 40 urte inguru eman zuen 30 m garai zen eta metro bateko diametroa zuen zutabe baten gainean. Behin, aingeru batek suzko gurdi batean zerura eramateko zetorrela ikusi uste izan zuen eta, gurdian sartzeko oin bat altxatua zuela, ikuspena suntsitu zen; tentazioan erortzekotan egon izanagatik bere burua zigortzearren, hil artean postura hartan gelditzea deliberatu zuen. Urtebete geroago hil zen. Simeonen eraginaz eta haren eredura beste zenbait estilita barreiatu ziren Siriako eta Tebaidako basamortuan zehar, nor bere zutabean, Simeon Gaztea, Lukas eta Daniel santuak eta San Alipio, besteak beste.