Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sikkim

Indiako estatu txikienetako bat, Himalaiako ekialdean. 7.096 km2 eta 405.000 biztanle. Hiriburua: Gangtok. v Himalaiako mendi malkarrek eta, haien artean, Tista ibaiak eta bere adarrek moldaturiko ibarrek osatzen dute lurraldea. Lurraldearen bi herenak beti elurtuak dauden mendiek hartzen dituzte. Kokalekua dela eta, Txinaren eta Indiaren artean, garrantzi estrategiko handia du. Biztanleak leptxe, tibetar eta nepaldar jatorrikoak dira. Sikkim-eko ekonomiaren oinarria nekazaritza da, behealdeko ibarretan egiten dena: artoa, arroza, garia, fruitu arbolak, barazkiak, tea, etab. Basoek garrantzi ekonomiko berezia dute, eremuaren heren bat hartzen baitute. Eskulanak ere aipagarriak dira. Meagintza: zinka, ikatza, burdina, beruna, etab. v Historia. 1641ean tibetarrek printzerri bat sortu zuten han. Txikia izanik ere, burujabea izan zen urteetan Skkimen. XVIII-XIX. mendeetan Bhutan-en eta Nepal-en aurka borrokatu zen. Britainiarrak 1839an sartu ziren Sikkim-en, eta lurralde babestua izendatu zuten. Indiaren independentziaren ondorengo urteak guztiz nahasiak izan ziren. 1960an laguntza itun bat sinatu zuten Indiarekin. 1974an, barne istiluen ondoren, indiar militarrek esku hartu zuten Sikkimgo politikan: maharajaren agintaritza murriztu zuten, eta Indiako ordezkaritza batek administrazioa bere esku ezarri zuen. 1975ean monarkia erabat kendu zuten eta erreferendum baten ondoren Indiako 22. estatu bilakatu zen. 1965ean eta 1967an Txinaren eta Indiaren arteko gatazken gertalekua izan zen.