Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

sikh

(Sanskritoz sisya, “ikaslea”). iz. eta izond. Indiako talde erlijiozkoa eta politikoa, Nanak Dev guruak XV. mendean sortua eta Punjab estatuan indar handia duena. || Sekta horri dagokiona. v Indiako sikh-ak 16.500.000 inguru lagun dira, India guztian barreiatuak; gehienak hala ere Punjab estatuan bizi dira. Gainera ehunka mila batzuk beste zenbait herrialdetan bizi dira: Britainia Handia (350.000), Kanada (300.0000), Kenia (100.000), etab. Sikhek garrantzi berezia izan dute Indiako zenbait ekonomia jardueran, hala nola merkataritzan, laborantzan, garraioetan, gudarostean, etab. Gizonezkoek bizar handia hazten uzten dute, turbantez jazten dira eta sastakai txikia eraman ohi dute aldean. v Historia. Nanak Dev (1469-1538) sortzaileak kasta brahmanikoak arbuiatzen zituen eta anaitasun unibertsala aldarrikatzen zuen, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunarekin batera. Bere irakatsiak Adi Granth liburu sakratuan bildu zituen; bertan brahmanismoaren eta islamismoaren arteko dotrina sinkretikoa azaldu zituen. Hasieran mongoliarren aurka eta ondoren musulmanen aurka borrokatu beharrak eite militar handia eman zion taldeari. XVII. mendearen amaieran Govind Singh guruaren buruzagitzapean Aurangzeb (1618-1701) enperadoreari aurre egin zioten. Bandah-ek, Govind Singh-en ondorengoak, erbesteratu behar izan zuen, baina 1738-1780 aldian etengabe izan ziren sikh-en matxinadak. Ranjit Singh (1792-1839) printzearekin Amritsar hiri sakratuaz jabetu ziren, Punjab berriro antolatu eta estatu sikh ahaltsua moldatu zuten, Kaxmir eta Peshawar (1819) bereturik. Haren ondorengo Gulab Singh-ek zabaldu zuen sikh-en mendeko lurraldea. Sikh-ek buru egin zieten britainiar kolonizatzaileei, baina bi gerra (1845-1846; 1848-1849) gogorren ondoren britainiarrek garaitu zituzten. Handik aurrera, alabaina, Indietako Gudarostean sartu ziren eta leialtasun handiko osteak osatu zituzten. Hala, zipaioen matxinadaren zapalkuntzan esku hartu zuten (1857-1858). Indiako independentziaren aldeko borrokan ere esku hartu zuten, Punjab estatuan bereziki. Ondoren, 1947an, autonomia eskatu zien Pakistan eta India burujabeei, bi estatu berrien artean baitziren; Pakistan-eko sikh askok (2.500.000) muga igaro zuten Punjab-era joateko, eta hango musulmanek alderantzizko bidea hartzen zuten. Geroztik sikh-en eta agintari hinduen arteko istiluak ez dira baretu. 1966an sikhen bizilekua zen eskualdea bi estatu desberdinetan zatitu zen, haietako bat sikh-en gehiengoa duena. 1984ko irailean Indiako gudarosteak Amritsar-eko urrezko tenplu sakratua armaz hartu zuen, eta matxinatuak ziren zenbait buruzagi hil. Bi hilabete ozta-ozta geroago Indira Gandhi lehendakaria hil zuten bere segurtasun zerbitzuko bi sikhek; ondoren, hinduek mendekuzko sarraski bat egin zuten India osoan, eta bereziki New Delhin (1.500etik gorako hildako). 1987an gobernu zentralak Punjabeko biltzarra deuseztatu zuen eta berriro borroka piztu zen.