Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sikorsky, Igor Ivan

Estatu Batuetako ingeniaria, Ukrainan sortua (Kiev, 1889 - Eaton, 1972). San Petersburgoko Itsas Akademian eta Kiev-eko Teknologia Institutuan ikasi zuen. 1913an urrats handia egin zuen aeronautikaren historian, lau motorreko lehen hegazkina asmatu eta pilotatu baitzuen; hegazkin hura bonbak botatzeko erabili zuen Errusiako gudarosteak Lehen Mundu Gerran. 1917ko Iraultza hastean Sikorsky-k sorterritik alde egin zuen Frantziara, Ingalaterrara eta, azkenik, Estatu Batuetara (1919). 1923an hegazkin-ingeniaritza enpresa bat sortu zuen (Sikorsky Aero Engineering Corporation). 1929an Estatu Batuetako herritar egin zen. Urte hartan bertan United Aircraft Corporation-ekin batu zuen bere enpresa. 1935ean Pan-American-eko lehen clipper-a (ozeanoarteko garraio hegazkina) egin zuen. Gero hegazkin handiak egin zituen, eta 1939an lehen helikoptero erabilgarria. Bereziki salbamendu lanetan eta, bigarren mailan, industrian eta garraioan erabiltzeko asmatua zen hegazkin mota hura, baina handik gutxira gerrarako erabili zen. Sikorsky aeronautikaren historiako ingeniari handietakoa da.