Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sigurdardottir, Frida A

Islandiar idazlea (1940). 1980an eman zuen argitara bere lenen lana, Ez da serioa, eta harrezkero beste lau eleberri eta Leiho alboan izeneko kontakizun liburua (1984) eman ditu argitara. Dena dela, benetako arrakasta 1991n eskuratu zuen, Islandiako Prentsaren Literatura alorreko Kultura Saria eta Literaturako Sari Nazionala irabazi baitzituen urte hartan, Gauaren joanean eleberriarekin; hurrengo urtean Europa iparraldeko herrietako letren sari nagusia lortu zuen lan horrekin berarekin. Hiri handietako bakardadea eta gizakiaren alienazioa dira kontakizun laburretan erabili zituen gai nagusietak batzuk; eleberrietan, berriz, emakumezkoen istorioak agertzen ditu nagusiki, ikuspegi femeninotik harturik. Horrela, Eguzkia eta itzala (1981) eleberrian, esaterako, sistema eta botere maskulinoaren kontra borrokatzen den emakume baten historia kontatzen du; Itsasoa bezala (1986) kostaldeko herri batean gertatzen den pertsonaia kolektiboko obra da; eta Gauaren joanean eleberrian, berriz, ama hil zorian duela bere bizitzaren azterketa egiten duen super-emakume bat da protagonista. Azken eleberri horretan eta hurrengoan, gizon baten ikuspegitik idatzitako Mundu itxi batean (1994) lanean alegia, alde batera utzi zuen hizkuntza errealista eta estilo lineala, eta teknika askeagoa erabili zuen.