Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shing-Tung, Yau

Txinatar matematikaria (Kwuntung, Txina, 1949). Doktoregoa Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatean egin zuen. 1971-72 urteetan Princetoneko Ikerketa Aurreratuetako Institutuko kide-partaide izan zen. Unibertsitate askotan izan da irakasle: Stony Brook-eko New Yorkeko Estatu Unibertsitatean (1972), Standfordeko Unibertsitatean (1974), Princetoneko Ikerketa Aurreratuetako Institutuan (1980), San Diegoko Kaliforniako Unibertsitatean (1984), eta Harvardeko Unibertsitatean (1988). 1983an Fields domina irabazi zuen Varsoviako Matematikarien Nazioarteko Kongresuan; sari horiekuazio partzial diferentzialetan, Calabiren konjeturan (geometria aljebraikoan), masa positiboaren konjeturan (erlatibitate jeneralaren teorian) eta Monge-Ampère-ren ekuazio erreal eta konplexuetan egin zuen lanari esker jaso zuen. Horrela, Yauk oso lan garrantzitsua eta eragin handikoa egin du geometria diferentzialaren eta ekuazio diferentzialen arloetan. Calabiren konjetura ez ezik (1976an), masa positiboaren konjetura ere ebatzi du. Horrez gainera, gainazal minimalak sortu eta aztertu ditu, besteak beste: ikerketa horiek zulo beltzen azterketarako erabilgarriak izan dira. 1980an, W. H. Meeks-ekin batera, Plateauren problema erabat ebatzi zuen. Hurrengo urtean geometriako Oswald Veblen saria jaso zuen. Karen Uhlenbeck-ekin batera, dimentsio handiagoetarako Hitchin-Kobayashi-ren konjetura ere ebatzi zuen; modu horretan, Donaldsonek egindako lana jarraitu zuten. 1994an Suediako Zientzietako Errege Akademiak Crafoord saria eman zion geometria diferentzialean egindako lanari esker, eta 1993an Zientzietako Akademia Nazionaleko kide hautatu zuten.