Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shklovsky, Viktor Borisovitx

Errusiar idazle eta literatura kritikaria (San Petersburgo, 1893 - Mosku, 1984). Formalismoaren aitzindari nagusietako bat izan zen. San Petersburgoko unibertsitatean ikasi zuen eta 1914an OPOYAZ, Poesia Hizkuntza Aztertzeko Elkartea, sortu zuen. 1921ean Serapion Anaiak idazle taldearekin hasi zen lanean eta formalismoaren teoria oinarriak aurkeztu zituen ondorengo urteetan argitaratu zituen lanetan: O teory prozy (1925, Prosaren teoriaz) eta Metod pisatelskogo masterstva (1928, Idazketarako teknikak). Shlovsky-ren iritziz literatura estilo eta forma egituren bilduma zabal bat da, eta idazlearen lanak munduko esperientziak forma berri batzuen bidez aurkeztea du helburu. Autobiografia kutsuko nobelak ere idatzi zituen, Sentimentalnoye puteshestvie: vospominaniya (1923, Sentimenduzko bidaia bat: Oroitzapenak, 1917-1922), boltxebikeen lehen aginte urteen oroitzapen liburua bereziki. Stalin erabat nagusitu ondoren (1929), etsi eta 1930an saiakera bat idatzi zuen agintariek arte eta literatura alorretan bultzaturiko errealismo sozialistaren aurrean amore emanez. Ondorenko urteetan, formalismoaren eta errealismo sozialistaren ekarriak uztartzen saiatu zen. Idazle oparoa izan zen, eta historia eleberriak, zine kritika eta Tolstoi, Dostoievski eta Vladimir Maiakovski-ri buruzko azterketak idatzi zituen.