Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shaw, George Bernard

Irlandar idazlea, ingelesez idatzi zuena (Dublin, 1856 - Ayot Saint Lawrence, Ingalaterra, 1950). Literaturako alor guztiak landu zituen arren, satira komediei esker izan zen batez ere ezaguna. Hogei urte zituela Londresen egokitu zen eta Fabian Society erakunde sozialista sortzen kaide izan zen 1884an. Urte haietan idatzi zituen nobelek ez zuten arrakastarik izan, baina ospea eman zioten aldizkari berezietan azaldu zituen literatura eta musika kritika lanek, Wagner-en musikari eta Ibsen-en antzerkiari buruz idatzitakoek bereziki. 1892an aurkeztu zuen bere lehen antzerki obra, Widowers’ Houses (Gizon alargunen etxeak), eta The Philanderer (1893, Amorantea) eta Mrs. Warren’s Profession (1893, Warren anderearen lanbidea) idatzi zituen ondoren. Viktoria erreginaren garaiko gizartearen hipokresia salatu zuen lan horietan. Molde askotako obrak aurkeztu zituen ondorengo urteetan; haietan garai hartako gizartearen arazoak eta gorabeherak erakutsi zituen betiere, baina osagarri komiko paregabe batzuen bitartez zorroztu zituen satirarako bideak. Militarismoa kritikatu zuen Arms and the Man (1894, Heroiak eta soldadoa) lanean, gizartean gailen ziren azaleko portaerak Major Barbara (1905, Komandante Barbara) obran eta briatiniarren klasismoa Pygmalion bere maisu-lanean (1913). Historian oinarrituriko obrak ere egin zituen: Caesar and Cleopatra (1901, Zesar eta Kleopatra) eta Androcles and the Lion (1912, Androkle eta lehoia). Lehen Mundu Gerraren ondoren, obra lirikoago bat idatzi zuen, Saint Joan (1923, Santa Joana) Joana Arc-ekoaren bizitzan oinarritua. 1925ean Literaturako Nobel saria eman zioten. Bere ideia sozialistei buruzko saioak idatzi zituen bizitzako azken urteetan.