Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shaw, Fiona

Irlandar antzezlea (Dublin, 1958). Trebetasun aparta erakutsi du sufrimendu eta egoera emozional larriak bizi dituzten pertsonaiak interpretatzeko eta era horretako paperek eman diote, hain zuzen ere, ospe gehien. Arte Dramatikoko Errege Akademian ikasketak egin ondoren Antzoki Nazionalean, Richard Sheridanen Arerioak (1775) obrako Juliaren paperean egin zuen debuta. 1984an Shakespeare Errege Konpainian (RSC) sartu zen eta lehen mailako zenbait pertsonaia interpretatu zituen, besteak beste, Shakespeareren Hala bedi (1984) edo Choderlos de Laclosen Harreman arriskutsuak (1985) obren antzezpenetan. 1993an, berriro itzuli zen Antzoki Nazionalera, Sophy Treadwellen Machinal (1928) antzeztera, Stephan Daldryren zuzendaritzapean. Deborah Warner zuzendariarekiko elkarlanaren emaitza gisa, aipatzekoa izan zuen 1994an Samuel Becketten Footfall (1976) antzerkian egindako lana. Zineman ere lan egin du, Bob Rafelsonen Ilargiko mendiak (1990) filmean esaterako.