Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shandong

Txinako ipar-ekialdeko probintzia, izen bereko penintsulak (lurraldearen herena) eta barnealdeko lurraldeak osatua, Itsaso Horiaren ertzean, Koreako errepublikaren aurrean, T’ai Shan mendien ekialdean (lurraldearen herena). 153.300 km2 eta 84.392.827 biztanle. Hiriburua, Txi-nan. Hiri nagusiak: Txing-tao eta Tzu-po. T’ai Shan mendialdeak hartzen du barnealdeko lurraldearen ekialdea eta gainerakoa guztiz zelaia da. Penintsula, ordea, goi-ordoki batek hartzen du. Klima kontinentala da. Mandarin hizkuntzako eta han jatorriko txinatarrak dira biztanle gehienak; probintzian badira txinatar musulmanak ere. Biztanleen % 90 nekazaritza eremuetan bizi da. Nekazaritza (kotoia, lekadunak, artoa, patatak, fruitu arbolak, tabakoa), arrantza (70 portu inguru daude penintsulan), meagintza (ikatza, burdina, bauxita, urrea, petrolioa) eta hiri nagusietako industria (ehungintza, tresneria mekanikoa eta elektrikoa, motorrak, kimika industria, garagardogintza, nekazaritzarako makineria, papergintza, doitasun tresneria) dira ekonomia iharduera nagusiak.