Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Shaffer, Peter Levin

Ingeles literatura eta musika kritikaria eta antzerkigilea (Liverpool, 1926). St. Paul's eta Trinity Collegen egin zituen ikasketak, Cambridgen. Truth aldizkariko literatura kritikaria izan zen 1956-1957 urteetan eta musikako kritikaria Time and Tiden, 1961-1962 urteetan. Lehenengo lanak Anthony bere anaiarekin idatzi zituen, eleberrigintzaren alorrean, baina antzerkian lortu zuen ospea. Antzerki lanetan agertokiaren teknika menderatzen zuela erakutsi zuen, eta erdi mailako klaseak erakartzen zituzten gaiei buruzko antzezlanak idatzi zituen. Bere lehen lan aipagarrian (Five finger exercise, 1958) esaterako, erdi mailako klaseen familia bizitza hartu zuen oinarri; haren ondoren idatzi zituen The private ear (1962) pieza laburren bilduma, The public eye (1962), The royal hunt of de sun (1964), Black comedy (1965), Equus (1973), 1979an zinemara eramana, Amadeus (1979), horiere zinemara eramana 1984an eta Oscar saria irabazi zuena, Lettice and Lovage (1987) eta The gift of the gorgon (1992). Sari ugari eskuratu ditu bere karreran zehar, besteak beste, Evening Standard antzerki saria eta New Yorkeko Antzerki Kritikarien Zirkuluaren atzerriko lan onenaren saria (Five finger exercise lanarekin) eta Antoinette Perry saria (Equus lanarekin) eta Urrezko Globoa (Amadeus).