Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sgrizzi, Luciano

Italiar klabe jotzailea, pianista, musikagilea eta musikologoa (Bolonia, 1910 - Montecarlo, 1994). Hamabi urte zituela, pianoa ikasten hasi zen eta Boloniako Akademia Filarmonikoan sartu zen. Bertan, organoa, harmonia eta konposizioa ikasi zuen. Berehala, Parmako Kontserbatorian hasi zen lanean, eta bertan Luigi Ferrari-Trecate-ren ikasle izan zen, Parisera joan aurretik. Piano errezitalak eman zituen Italian, eta bira bat egin zuen Latinoamerikan zehar, baina musika sortzen hasi zen buru-belarri. Aldi berean, historia eta literatura ikasi zituen. Gerra hasi zenean, Suitzara joan zen. Musikatik aldenduta, irrati suitzar italiarrean hasi zen saioak idazten literatura kronikari gisa. Hala, Luganoko irratian lanean aritu zen 1974. urtea arte. Horrez gainera, musika emanaldiak aurkezten zituen. Pianoa jotzen hasi zen berriz ere, eta suitzar eta italiar musikagileen lanak jo zituen bere lehenengo emanaldian. 1948an klabezina jotzen hasi zen bere kabuz, eta hura bihurtu zen berehala bere tresna gustukoena. Diskoak grabatzen hasita, XVIII. mendeko Italiako musikara hurbildu zen. Bera izan zen Scarlattiren sonatak klabezinakin jo zituen lehenengoetakoa. Bestalde, pianofortea ere lantzen hasi zen, eta XIX. mende hasierako musika instrumentala aztertzeari ekin zion. 1970ean begi batetik ikusmena galtzen hasi zen, baino hori ez zuen eragozpena izan aurrera jarraitzeko, aitzitik, Scarlattiren sonatak grabatu zituen osorik. Musikologiaren alorrari dagokionez, Monteverditik hasi eta Pergolesirainoko lanak aztertu zituen. Musikagile gisa, berriz, hainbat lan idatzi zituen pianorako, suiteak orkestrarako, eta abar.