Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Serra Rexach, Eduardo

Espainiar abokatu eta politikaria (Madril, 1946). Zuzenbideko lizentzia eskuratu zuen Madrilgo Unibertsitate Complutensean, eta geroago bertako irakasle izan zen, zuzenbidearen filosofiakoa eta administrazio zuzenbidekoa hain zuzen. 1974an Estatuko Abokatu Elkarteko kide egin zen; bera izan zen elkarte horretako lehenengo kidea. Handik hiru urtera Industria eta Energiako ministerioko batzordeburu izendatu zuten eta kargu horretan iraun zuen harik eta 1979. urtean Industriako Institutu Nazionaleko (INI) administrazio kontseiluko kide eta idazkari nagusi egin zuten arte. 1982an Defentsako idazkariorde izendatu zuten; bera izan zen kargu hori bete zuen lehenengo zibila. Handik bi urtera ministerio horretako Estatu idazkari izatera iritsi zen, eta aurrekontu eta azpiegituren ardura izan zuen bere gain. 1995ean Fundación Ayuda contra la Drogadicción (FAD) elkarteko lehendakari izendatu zuten eta hurrengo urtean Aznarren gobernuko Defentsa ministro aukeratu zuten. Ekonomiaren alorrean antolatzaile eta planifikatzaile handitzat hartua da, eta hainbat enpresatako lehendakari izan da (Cubiertas, Peugeot-Talbot España, Airtel).