Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Segovia, Tomás

Mexikar olerkaria, jatorriz espainiarra (Valentzia, 1927). Espainian sortu zen, baina Gerra Zibilaren ondoren Mexikora erbesteratu zen eta harrezkero irakasle gisa lan egin du Mexikoko eta Estatu Batuetako zenbait unibertsitatetan. Revista Mexicana de Literatura aldizkariaren zuzendari izan zen, eta Vuelta aldizkariko lankidea da. Mexikoko Kolegioko Itzultzaileen zentroa sortu zuen, eta, olerkiez gainera, kritikak, saiakerak eta itzulpenak eman ditu argitara. Bere olerki liburu nagusietan maitasunari eta gai metafisikoei buruz idatzi du, eta sakontasun literario handiko obra osatu du inspirazioa eta teknika bikaina erabiliz. Bere olerkigintzak gizakiaren bakardadearen adierazpen nahi du izan, baina orobat nabarmentzen du gizakiak maitatzeko duen ahalmena. Aipagarriak ditu, olerkigintzan, La luz provisional (1950, Behin-behineko argia), Apariciones (1957, Agerpenak), Historias y poemas (1968, Istorioak eta olerkiak), Terceto (1972, Tertzetoa), Figura y secuencias (1977, Irudia eta sekuentziak), Cuadernos del nómada (1978, Alderraiaren koadernoak), Bisutería (1981, Bitxiak) eta Casa del nómada (1994, Nomadaren etxea) bilduma.; 1998an bere obraren bilduma bat eman zen argitara, Poesía (1943-1997) izenburupean. Eleberrigintzan Trizadero (1974) eta Personas mirando una nube (1981, Pertsonak hodei bati begira) ditu aipagarriak. Antzerkia eta saiakera ere landu ditu.