Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sebastian Portugalgoa

(Portugesez Sebastião). Portugalgo erregea 1557-1578 bitartean (Lisboa, 1554 - Ksar el-Kebir edo Alcazarquivir, Maroko, 1578). Joan III.aren biloba eta ondorengoa izan zen. Hiru urte zituela egin zuten errege, jesuitek hezi zuten eta Afrikako iparraldeko musulmanak menderatuko zituen Kristoren kapitain nagusitzat ikusi zuen bere burua gaztetandik. Amona, Katalina Austriakoa, eta aitonaren anaia, Henrike kardinala, izan zituen gidari eta erregeorde. 1574an egin zuen lehen gudualdia Marokon eta 1578an lehorreratu zen Larache-tik hurbil, hamabost mila soldadu zituen armada bateko buru. Guztiz xehakatu zituzten Abd al-Malik buruzagi arabiarrak gidaturiko gudariek, eta Sebastian bera hil zuten gudu hartan. 1580an Filipe II.a Espainiako erregea Portugalez jabetu ondoren, Sebastian erregea Portugal askatzeko piztu zelako berria zabaldu zen bazter oro, eta haren nortasuna hartu zuten lau gizon atxilotu eta hil zituzten 1584-1598 urteetan. Portugalgo nazionalismoaren sinbolo bihurtu zen Sebastian erregea.