Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Searle, Ronald

Britainiar marrazkigilea (Cambridge, 1920). Oso gaztetatik izan zuen karikaturarako zaletasuna. 1941ean elezaharra eta gaurkotasuna batzen zituen marrazki bat egin zuen; Lilliput Magazine aldizkarian argitaratu zuen lan hori, eta sail bateko lehena izan zen (Saint-Trinian). Bigarren Mundu Gerran, Singapurrera bidali zuten eta japoniarrek berehala hartu zuten preso. Espetxealdiari etekina atera nahian, presoen baldintza gogorrak erakusten zituen marrazkiak egin zituen arkatzaz. 1946an Saint-Trinian-en sailera itzuli zenean, gaztetxo baten bidez espetxearen gogortasuna erakutsi zuen. 1955ean gizartearen gorabeherak biltzen zituen bilduma bat argitaratu zuen, eta 1961ean Time Magazine aldizkariak Jerusalema bidali zuen Adolf Eichmann-en prozesuaren jarraipena egitera. Ondoren New York, Alaska, Dublin, Berlin, Milan… bisitatu zituen erreportaje sail bat egiteko. 1961. urtean Frantzian hartu zuen bizilekua eta Figaro littéraire, Magazine littéraire eta New Yorker aldizkarietan egin zituen lanak. 1969an Toulouse-Lautrec-i buruzko marrazki sail bat argitaratu zuen; prostituta izugarri handiekin marraztu zuen Searlek artista. Izan ere, pertsonaien arteko neurri desberdintasuna da Searleren ezaugarrietako bat; animalia txiki-txikiak bat-batean mamu izugarri bihurtzen dira, edo unibertso ikaragarri baten erdian jartzen ditu. Hainbat bilduma osatu zituen, hala nola Barkatu jauna (1965), Arrautza kuboa eta Biribil faltsua (1968). Gizakien jarrerak animaliengan jartzen ditu. Tira, ez dago inor! (1969) lanean, barakuilu bat da pertsonaia. 1971n Grandvilleko umore beltzeko saria jaso zuen, eta 1973an, Liburutegi Nazionalean, Searleren lanaren erakusketa bat antolatu zuen.