Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sebastopol

(Ukraineraz Sevastopol). Ukrainako hiria eta portua, Krimeako penintsularen hego-mendebalean, Itsaso Beltzaren ertzean. 356.000 biztanle. Ontziolak, mekanika industria, indar elektrikoa.  v  Historia. Egungo hiriaren hegoaldean finkatu zuten greziarrek Khersonesos izeneko kolonia (K.a. 421). Pontoko erresumaren barnean geratu ondoren, erromatarrak bertaratu ziren (K.a. II. m.) eta Bizantzioko inperioko hiria izan zen gero. Vladimir Kiev-ko printzeak hartu zuen hiria 988-989 bitartean, eta han bataiatu zuten. Trebisondako inperioaren mendean egon eta gero, desagertu egin zen ia hiria. 1783an sortu zuen Grigori Potemkin mariskal errusiarrak hiri berria, eta Sebastopol izena eman zioten ondorengo urtean. Itsas armadarako basea eraiki zuten aurrena eta merkataritzarako portua ondoren (1808). XIX. mendearen hasieran izugarri gotortu zituzten hiria eta portua. 1854-1855 bitartean, Krimeako gerraren garaian (1853-1856), guztiz inguratu zuten hiria frantses eta ingeles armadek. Setio izugarri gogor baten ondoren, su eman zieten errusiarrek zutik zirauten eraikuntzei, hiria utzi baino lehen. Eraikuntza lanei ekin zieten berriro gerra ondoren. Errusiako iraultzaren garaian, bertan eratu zuen Wrangel jeneralak iraultzaileen kontrako kuartel nagusia; 1920ko azaroan nagusitu zen armada gorria hirian. Bigarren Mundu Gerran setioa ezarri zioten alemaniar naziek hiriari 1941eko uztailean, eta 1942ko uztailean sartu ziren bertan. 1944ko maiatzean hartu zuten hiria sobiet indarrek.