Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Schehadé, Georges

Libanoar poeta eta antzerkigilea, frantsesez idazten zuena (Alexandria, 1907 - Paris, 1989). Beirut-en zuzenbide ikasketak egin ondoren, Parisen André Breton eta Saint-John Perse-rekin bat egin zuen. 1938an bere lehenengo poesia bilduma argitaratu zuen, Poésies, ekialdeko inspirazioa eta surrealismoa nahasten dituena. Ondoren idatzi zituen Rodogune Sinne (1946), Poésies II (1948), Poésies III (1949), L'Écolier sultan (1953, Sultan ikaslea). Poliki-poliki irudi aberastasunetik lan garbietara igaro zen Schehadé: Le Nageur d'un seul amour (1985, Maitasun bakarreko igerilaria). Antzerki lanei dagokionez aipagarriak ditu: La Soirée des proverbes (1954, Atsotitzen gaua), Histoire de Vasco (1956, Vascoren historia), Le Voyage (1961, Bidaia), L'Émigré de Brisbane (1965, Brisbanetik atzerriratua). Bere poesiak haurtzaroan, elezaharretan eta paraboletan du oinarria. Antzerki lanek, berriz, antzerki surrealistaren ordezkari bihurtzen dute Schehadé. Poeta frantses handien bertso baztertuen antologia berezi bat antolatu zuen, L'Anthologie du vers unique (1977, Bertso paregabearen antologia).