Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sciascia, Leonardo

Italiar idazlea (Racalmuto, Sizilia, 1921 - Palermo, 1989). Lanbidez eskola maisua izan zen 1957 arte; ordutik literaturari osoki emana bizi izan zen. Lehen poesia lanetatik –Favole della dittadura (1950, Diktaduraren alegiak); La Sicilia, il suo core (1952, Sizilia, haren bihotza)– Sciasciak Italiako gizarteaz zuen ikuspegi mingotsa agertu zuen, aginpidearen izaera gero eta ilunagoa, mafiarekiko lotura, nabarmentzen zuela. 1956an hasi zen kontakizunak lantzen: Le parrocchie di Regalpetra (Regalpetrako parrokiak). Gero, Gli zii di Sicilia (1958, Siziliako osabak); Il giorno della civetta (1961, Hontzaren eguna, Koldo Bigurik euskarara itzulia); A ciascuno il suo (1966, Nori berea) etorri ziren, azkeneko biak askorentzat autorearen obrarik kunplituenak. Sizilia da Sciasciaren kontakizunen, eleberrien eta saioen gertalekua eta gai bakarra, gizarte hark garaturiko kontzeptuen inguruan diharduela: ohorea, mendekua, beldurra, leialtasuna, susmoa… eta horien guztien gainean, omertà edo isiltasunaren legea. Zenbaitetan haren eleberriek polizia eleberrien forma hartzen dute: Il contesto (1971, Testuingurua);Todo modo (1974); Dalle parte degli infedeli (1979, Paganoen lurraldeetan); Nero su nero (1979, Beltza beltzaren gainean). Batzuetan bere eleberrietan egungo egoeraren erro historiko sakonak ikertzen ditu: Morte dell’Inquisitore (1964, Inksidorearen heriotza); Il consiglio d’Egitto (1964, Egiptoko kontseilua); Recitazione della controversia liparitana (1969). Saiakera lan anitz egin zituen, horien artean Pirandello e la Sicilia (1961, Pirandello eta Sicilia); Sicilia come metafora (1979, Sicilia metafora gisa). Beste zenbait obra: Il mare colore del vino (1971, Itsaso ardo kolorea), kontakizun liburua (Josu Zabaletak euskarara itzulia); Candido ovvero un sogno fatto in Sicilia (1977, Kandido edo Sizilian egindako ametsa), egungo ideologien parodia; L’affaire Moro (1978, Moro kasua), politikoaren hilketaren inguruko gogaketa). La strega e il capitano (1986, Sorgina eta kapitaina) eta Il cavagliere e la morte (1989, Zalduna eta heriotza) bere azken obra garrantzitsuenetakoak izan ziren.