Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antso IVa Gartzeitz Peñalengoa

Nafarroako erregea 1054-1076 urteetan (1039. urte aldera jaioa). Gartzea IV.aren eta Estefania Bartzelonakoaren semea zen. Atapuercako guduan izendatu zuten errege, aita hil ondoren, 13 urte zituela. 18 urterekin Ramiro I.a Aragoiko errege eta, bera bezala, Antso Handiaren biloba zenarekin itun bat egin eta aurre egin zioten Fernando I.a Gaztela eta Leongo erregeari. Ordea, handik gutxira, Antso IV.a Moktadir Zaragozako errege mairuarekin bat egin eta Ramiro I.aren aurka borrokatu ziren Grausen, Aragoiko erregearen heriotza ekarri zuen guduan (1061). Alexandro II.a Aita Santuak musulmanen aurkako gurutzada bat bultzatu zuen heriotza hori zela eta. Mugako istiluek, bitartean, lehengo berean zirauten, eta Antso II.a Leon eta Gaztelako erregeak Nafarroako koroak Gaztelan zituen lurraldeak hartu, eta Nafarroako mugetara iritsi zen. Antso IV.ak Aragoiko Antso Ramirez I.aren laguntza eskatu eta garai hartan euskaldunak bide ziren Bureba, Pancorbo eta Oka mendietan berrezarri zituzten mugak. Hiru errege Antso ari izan ziren gerra horretan, hirurak Antso Handia Nafarroako erregearen bilobak. Gerra horren ondorioz ahuldu zen Antso IV.aren aginpidea Aragoiko koroaren aldera, Nafarroako erregeak Moktadir Zaragozako errege mairua bere mendeko bihurtu zuen arren. Neurri horrek ez zuen ordu arte Zaragozako erregearen zergak jasotzen zituen Gaztelako koroaren gogoa batere bete, eta Alfontso VI.a Gaztelako erregeak Errioxa hartu zuen 1074. urtean. Antso IV.aren izaera zakarrak tirabira latzak sortu zituen Nafarroako Gortean bertan; hala, Alfontso VI.a gaztelarrak, Antso V.a Ramirez Aragoikoak eta Moktadir Zaragozako erregeak lagunduta, Ramon eta Emerinda Antso IV.aren anai-arrebek eta Iruñeko noble batzuek Antso IV.a hartu eta arroiletik behera amildu zuten Peñalenen, Alesbes herri nafarraren ondoan (1076ko ekainaren 4a). Hil ondoren, ordea, noble nafarrek ez zuten Ramon anaia hiltzailea erregetzat hartu nahi izan, eta Ramonek Zaragozako gortera, eta Emersindak Alfontso VI.arenera, ihes egin behar izan zuten.