Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antso VIIa Azkarra

Nafarroako erregea 1194-1234 urteetan (Tuteran 1234an hila). Antso Jakitunaren eta Antsa Leongoaren semea eta Gartzea Ramirez Berritzailearen biloba zen aitaren aldetik, eta Alfontso VII.a Leon eta Gaztelako enperadorearen biloba amaren aldetik. Aita ez bezala, erreinaldiko lehen urteetan Antso Azkarra Alfontso VIII.a Gudulariaren ondoan egon zen musulmanen aurkako aliantza batean. Alarcos-ko guduan (1195), ordea, Antso Azkarra eta Leongo erregea berandu iritsi eta ezin izan zuten Alfontso VIII.aren galera saihestu. Atzerapen horrek gaztelar eta nafarren arteko gerra bat ekarri zuen, gehiegi luzatu ez bazen ere. Antso Azkarrak Sorian eta Almazan garaitu zituen gaztelarrak, baina 1196ko lehen egunetan Agreda eta Tarazona arteko lurretan sinatu zuten bakea, Petri II.a Aragoiko erregea berme. 1198. urtean Afrikan egon bide zen Antso Azkarra. Itzuleran Arabako lurretan sartu eta Miranda de Ebro hartu zuen 1191ko udaberrian. 1200. urtean Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Gasteiz setiatu eta okupatu zuen: hura izan zen lehen urratsa 1207an Araba eta Gipuzkoa konkistatu aurretik. Alfontso VIII.ak biziki gutiziatzen zituen lurralde horiek, Gaztela eta Leonor Plantagenetekoa bere emazteak dotean ekarritako Gaskoinako lurrak elkartzeko parada ematen baitzioten. 1207an, Antso Azkarrak eta Gaztelako erregeak Guadalajarako su-etenak sinatu zituzten, eta errege nafarrak musulmanen aurka jotzea onartu behar izan zuen. Bost urte geroago Antso Azkarrak berebiziko papera jokatu zuen musulmanen aurkako Navas de Tolosako guduan (1212). Antso Azkarrak Pirinioez bestaldeko Tartas, Ostibarre eta Agramunt jaurerriak ezarri zituen bere mendean; 1202. urtean bake eta lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuen Joan Lur Gabea Ingalaterrako erregearekin, Petri II.a Aragoiko erregearekiko harremanak onak izan ziren eta Jaime I.a Konkistatzailearekin sinatu zuen herentzia hitzarmenaren arabera (Tutera, 1231ko otsailaren 2a), bi sinatzaileen arteko bat hilko balitz, besteak hartuko zituen herentzian hildakoak utzitako lurralde guztiak. Antso Azkarra hil ondoren (Tutera, 1234) nafarrek ez zuten horrelakorik onartu eta aurre egin behar zieten Nafarroan sartu ziren Aragoiko osteei. Antso Azkarrak Iruñeko auzoen arteko liskar asmo biziak baretu zituen, hiri-gutun eta foru asko eman zituen, Gaztelarekiko muga indartu zuen Araba eta Gipuzkoa galduagatik eta, 1219an, ordutik aurrera Nafarroako koroaren ondorengoaren egoitza izan zen Viana populatzea erabaki zuen. Antso VII.a Azkarraren ondorengo erregea Teodebaldo I.a Champagne eta Brieko kondea izan zen.