Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Antso IIa Abarka

Iruñeko eta Aragoiko erregea, Iruñeko IV.a (970-994). Gartzea Santxeitz I.aren eta Andragoto Galindez Aragoiko kondesaren semea zen. Artean gurasoak bizi zituela eta bera oso gazte zela eman zioten Aragoiko konderriko aginpidea. Hasieran gerran aritu zen musulmanen aurka; San Esteban de Gormazko (973) eta Ruedako (981) gatazketan parte hartu zuen gaztelarrekin eta leondarrekin baturik, baina musulmanak irten ziren garaile. Gerran zer eginik ez zuela, bere alabetako bat ezkondu zuen Almantzorrekin eta Kordobara joan zen bizitzera. Zortzi bat urtean elkarrekin bakean bizi izan ondoren, gatazka giroa sortu zen berriz ere, eta 990. urtean Iruñea setiatu zuen Almanzorrek. Antso Abarkak orduan bakea eskatu behar izan zion. Urraka Fernandez-ekin, Fernan Gonzalez Gaztelako kondearen alabarekin, ezkondu zen. Hiru seme izan zituen, Gartzea Santxez II.a, Ikaratia deitua, erregetzan jarraitu zitzaiona, Ramiro I.a, 992an hil zena, eta Gonzalo, Aragoiko konderriaren ardura hartu zuena.