Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salk, Jonas Edward

Estatubatuar sendagilea (New York, 1914 - La Jolla, Kalifornia, 1995). Poliomielitisaren kontrako txertoa landu zuen lehena izan zen. New Yorkeko Unibertsitatean ikasi zuen medikuntza eta han egin zen doktore 1939an. New Yorkeko ospitale batean lan egin zuen 1940an, Michigango Unibertsitatean 1942an eta Pittsburgheko Unibertsitatean 1947an (birologia laborategiko zuzendari izan zen bertan). 1963an La Jollako (Kalifornia) Ikerketa Biologikoen Institutua (gerora Salk institutua izango zena) sortu zuen eta bertako zuzendari izan zen. Salken ikerketak txertoak lortzera bideratuak izan ziren batez ere, gripearen kontrakoak lehenbizi, eta poliomielitisaren kontrakoa gero. 1952an Salk txertoa lortu zuen, birus hilekin; txeto hura kasuen % 80-90ari aurre egiteko gauza zela frogatu ahal izan zuen. Lorpen hori zela-eta, Estatu Batuetako gobernuak Askatasunaren Domina eman zion 1977an. Ohorezko Legioa (1955), Lasker saria (1956) eta Robert Koch domina (1963) ere eman zizkioten, besteak beste. Azken urteetan, HIESaren kontrako txertoa bilatzen saiatu zen Salk. Idatzi zituen lanen artean aipatzekoa da Anatomy of Reality (1983, Errealitatearen anatomia).