Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salisbury-ko markesa

(Jaiotza izenaz Robert Arthur Talbot Gascoyne Cecil). Ingeles politikaria (Hatfield, 1830 - Hatfield, 1903). Salisbury-ko 3. markesa izan zen. Aristokraziako Cecil familia handian jaio zen, eta gazterik hasi zen politikan (1853), alderdi kontserbadoreko diputatu gisa. Irlandarako idazkaria izan zen eta Gladstone-ren aurka jardun zuen beti. 1877an Konstantinoplako konferentzian parte hartu zuen, Britainia Handiaren ordezkari gisa, eta Kanpo Arazoetarako ministro egin zuten errusiarrak Turkian sartu zirenean (1878). Alderdi kontserbadoreko buru egin zuten Disraeli-ren ondoren, eta 1885-1902 urteetan Lehen ministro izan zen, 1892-1895 bitartean izan ezik. Irlandar abertzaleen eta ezker mugimenduen aurka borrokatu zen eta, Britainiako inperioaren handitasuna helburu zuela beti, politika koloniala indartu zuen (Birmaniaren konkista, Rhodesia, Egipto…). Gupidarik gabe jokatu zuen boerren aurka, eta ingelesen eta japoniarren arteko hitzarmen bat sinatu zuen (1902).