Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salisachs Roviralta, Mercedes

Espainiar eleberrigilea (Bartzelona, 1916). A. Dan eta María Ecín ezizenak erabili izan ditu. Ikasketak moja komentu batean eta merkataritza eskola batean egin zituen. Aldizkari, egunkari, irrati eta telebistan aritu da lanean. Hainbat literatura saritako epaile izan da eta hitzaldi ugari eman ditu. Bere lanak Frantzia, Portugal, Ingalaterra, Estatu Batuak, Suedia, Alemania, Finlandia eta Italian argitaratu dira, itzulita. Besteak beste, Bartzelona Hiriko Saria eman zioten 1956an, Planeta saria 1975ean, Bilboko Bankuko Zilarrezko Arrosa domina 1976an eta Sevillako Ateneo saria 1983an. Salisachsen eleberrietan abstrakzioa da nagusi, eta sentimenduen erretratuen gainetik daude satira eta ironia. Idatzi dituen eleberrien artean aipagarriak dira: Primera mañana, última mañana (1954, Lehenengo goiza, azken goiza); Carretera intermedia (1955, Bitarteko errepidea); Una mujer llega al pueblo (1957, Emakume bat hirira iristen da); El declive y la cuesta (1966, Malda eta aldapa); La última aventura (1967, Azken abentura); La sinfonía de las moscas (1982, Eulien sinfonia); La danza de los salmones (1985, Salmoien dantza); El secreto de las flores (1997, Loreen sekretua) eta La voz del árbol (1998, Zuhaitzaren ahotsa).