Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salmerón, Fernando

Mexikar filosofoa (Córdoba, Veracruz, 1925 - 1997). Mexikoko hainbat unibertsitatetan aritu zen irakasle: Veracruzeko Unibertsitatean (bertako errektore izan zen 1961-1963 urteen bitartean), Metropoliko Unibertsitate Autonomoan (bertako errektore izan zen 1979-1981 urteen bitartean) eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoan. Horrez gainera, ikerketa filosofikoen institutuko zuzendari izan zen 1966-1978. urteen bitartean eta Crítica. Revista hispanoamericana de filosofía aldizkariaren sortzaile. Fenomenologia eta N. Hartmann, M. Heidegger eta J. Ortega y Gasset egileen filosofia aztertu zituen batez ere; hala eta guztiz ere, 1960ko hamarraldiaz geroztik, bere lanak filosofia analitikoaren alorrean sartzen dira, eta alor horretako analisi metodoak hezkuntzaren filosofian eta etikan aplikatzen saiatu zen. XX. mendeko Mexikoko filosofiaren aztertzaile handia izan zen. Salmerónen iritziz, jarduera kritiko, intelektual, analitiko eta teoriko gisa hartu behar da filosofia, izaera zientifikoak bultzatua betiere; baina hala eta guztiz ere ez zuen alde batera utzi pentsamendu morala, zeinaren funtzioa baita ekintza moralen justifikazioa. Salmerón jakinduriaren eta analisi kritikoaren arteko lotura eta bateragarritasuna nabarmentzen saiatu zen, jarrera moralei garrantzia emanez betiere. Bere lanen artean aipatzekoak dira: Las mocedades de Ortega y Gasset (1959, Ortega y Gasseten bihurrikeriak), Cuestiones educativas y páginas sobre México (1962, Hezkuntzari buruzko gaiak eta Mexikori buruzko orrialdeak), La doctrina del "ser ideal" en tres filósofos contemporáneos: Husserl, Hartmann y Heidegger (1965, "Izaki idealaren" doktrina hiru filosofo garaikidetan: Husserl, Hartmann eta Heidegger ), La filosofía y las actitudes morales (1971, Filosofia eta jarrera moralak), Ensayos filosóficos (1988, Saiakera filosofikoak) eta Enseñanza y filosofía (1991, Irakaskuntza eta filosofia).