Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Salinas, Pedro

Espainiar poeta (Madril, 1891 - Boston, Estatu Batuak, 1951). Letretan doktorea zen, eta Sevillako eta Madrilgo unibertsitateetan, eta Cambridge eta Sorbonakoetan irakasle. Estatu Batuetara joan zen 1936an eta literatura irakasle izan zen Wellesley eta Baltimore-ko unibertsitateetan. 27ko belaunaldiko poeta nagusietako bat izan zen. Poesia lirikoa egin zuen, oso landua, neurri laburrekoa, eta maitasunaren gaiari eskaini zizkion bertsorik gehienak, hura baitzen Salinasen ustez, ezagupenerako eta arimaren mugimendu sekretuak adierazteko tresnarik egokiena. Juan Ramón Jiménez-en eragina dute Salinasen poesiek, hasierakoek batez ere, eta Jorge Guillén-en laguna izan zen. Poesia bilduma nagusiak: Presagios (1923, Zantzuak), Seguro azar (1929, Patu ziurra), Fábula y signo (1931, Alegia eta zeinua), Razón de amor (1936, Maitasuna dela eta), La voz a ti debida (1934, Zor zaizun ahotsa). Ipuinak ere idatzi zituen: El desnudo impecable (1951). Literatura azterketa garrantzitsuak egin zituen: Jorge Manrique o tradición y originalidad (1947), La poesía de Rubén Darío (1947), Poema del Cid en romance moderno (1925), eta La literatura española del siglo XX (1941). Antzerki lanak ere idatzi zituen.