Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Saint Vincent eta Grenadinak

(Ing. Saint Vincent and the Grenadines). Antilla Txikietako estatua, Saint Vincent uharteak eta Grenadinako iparraldeko uharteek osatua, Karibe itsasoaren hegoaldean. 389 km2 (Saint Vincentek hartzen ditu horietako 344) eta 118.432 biztanle (2008, saintvicentarrak). Mugak: iparraldean Santa Luzia; ekialdean, Barbados; hegoaldean, Grenada. Hiriburua: Kingstown (17.600 biztanle, 2003). Hizkuntza ofiziala: ingelesa. Etniak: beltzak, % 65,5; mulatoak, % 19; asiarrak (India), % 5,5; europarrak, % 3,5; besteak, % 6,5. Erlijioa: protestanteak, % 77,3; katolikoak % 19,3; besteak, % 3,4. Dirua: Karibeko ekialdeko dolarra. Biztanleak. Saint Vincent eta Grenadinetako biztanleen erdia baino gehiago esklabo beltzen ondorengoak dira, XVII. mendean azukre kanaberadietan lan egitera Afrikatik eramandako; badira, halaber, mulatoak, eta europar eta asiar batzuk. Bertako jatorrizko leinua karibe leinua zen, baina banaka batzuk baino ez dira geratzen, eta oso gutxi dira, halaber, karibeen eta esklabo beltzen arteko nahasketaren ondorengo karibe beltzak ere. Erlijioz protestanteak dira gehienak (anglikanoak eta metodistak), eta gainerakoak kristauak dira. Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina frantsesetik eratorritako dialekto kreole bat eta ingelesetik eratorritako beste bat ere (pidgin ingelesa) erabiltzen dituzte. Osasun egoera, oro har, ona da, eta bizi itxaropena 73,8 urtekoa da batez beste. Biztanleen gehiengoa, % 90 inguru, Saint Vincenten bizi da, Kingstown hiriburuaren inguruan batez ere. Ekonomia. Saint Vincent eta Grenadinetako ekonomia ahula da. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia, batez ere bananaren ekoizpena. Ekoizpen bakar batera mugatuta dago ia erabat, ordea, eta ekoizpen horrekiko mendekotasuna izan da, hain zuzen ere, Saint Vicent eta Grenadinetako ekonomiaren aurrerapenaren oztopo nagusietako bat; 1994an eta 1995ean, adibidez, ekaitz tropikalek uztaren parte handi bat hondatu zuten eta galera handiak izan zituen herrialdeak. Arrurruz izeneko landarea ere lantzen da; Saint Vincent da landare horren munduko ekoizlerik handiena. Turismoa gero eta indar gehiago hartzen ari da, Grenadinetan batez ere, bertako edertasun naturalek erakarritako bisitariei esker, eta, horrela, zerbitzuen alorra etorkizunean jarduera garrantzitsua izango dela esan daiteke (dagoeneko zerbitzuetan dihardute uharteetako langile gehienek); datorren hamarraldirako bilakaera ikusgarria izango du turismoak, aurreikuspen guztien arabera. Industriari dagokionez berriz, elikagai industria, zementugintza eta ehungintza dira aipatzekoak, baina aski atzeratua da, oro har, eta gobernuak industria berriak sartzeko egin dituen saioek ez dute arrakasta handirik lortu. Arazo nagusietako bat langabezia da, % 35-40 inguruko tasarekin (1994an); biztanleko nazio produktu gordina apala da, 2.500 dolar ingurukoa. Azkenaldi honetan ekonomiaren hazkundeak gora egin du (% 4, 1998an), batez ere eraikuntzaren eta turismoaren bizitasunari esker. Dena dela, azpimarratzekoa da turismoaren eta beste jarduera batzuen eraginez ingurumenean sortzen ari diren arazoak, etorkizunean kalte handia egin dezaketelako; kostaldeko urak kutsatzen ari dira, yateen isuri pozoitsuen ondorioz batez ere, eta zenbait lekutan bainua debekatzerainoko kutsadura eragin dute. Gobernua eta administrazioa. Saint Vincent eta Grenadinak estatua monarkia konstituzional bat da. 1979az gero da herrialde burujabea (ordukoa du konstituzioa, eta 1986an berridatzia) eta Commonwealth erakundearen barruan dago; horrenbestez, estatuburua Britainia Handiko erregea edo erregina da, eta gobernadore batek egiten ditu haren ordezkoak. Gobernadoreak izendatzen du gobernuburua edo Lehen ministroa, gehiengoa duen alderdi politikoaren burua. Lehen ministroak Biltzarreko Ganberaren mende agintzen du; ganbera hori osatzen duten 21 kidetatik 6 gobernadoreak aukeratzen ditu Lehen ministroaren aholkuei jarraituz, eta oposizioko buruak parte hartzen du bertan. Lurralde antolaketari dagokionez, 6 administrazio barrutitan banatuta dago herrialdea. Historia. 1498ko urtarrilaren 22an Kristobal Kolon Saint Vincentera iritsi zenean karibe indiarrak bizi ziren uhartean. Dena dela, XVIII. mendea arte europarrak ez ziren uhartean finkatu. Aitzitik, 1675ean, hondoa jo zuen itsasontzi bateko afrikar esklabo batzuk iritsi ziren uhartera, eta karibeen artean bizi izan ziren. Uharteen jabetasuna zela eta, frantsesak, britainiarrak eta holandarrak elkarren lehian izan ziren, harik eta, 1763an, Parisko Itunak britainiarren mendean utzi zituen arte. Hala, 1773an, britainiarrak uhartean finkatu ziren. 1795ean, frantsesen laguntzaz, karibeak matxinatu egin ziren; britainiarrek karibeak menderatu eta Honduraseko golkoko uharteetara egotzi zituzten. Gainerako karibe gehienak Soufrière sumendiaren 1812. eta 1902. urteetako eztandetan hil ziren. Hasieran kotoia lantzen bazen ere, britainiarrek azukre kanabera sartu zuten uhartean, eta Afrikako esklaboak erabili zituzten kanaberadietan lan egiteko. 1834an esklabotasuna debekatzeak langile kopurua urritu zuen; hala, XIX. mendearen azken urteetan, Portugalgo eta Indiako langileak iritsi ziren. Bestalde, XIX. mendearen bigarren erdian azukrearen prezioak behera egin zuen, eta hari jarraitu zitzaion krisi ekonomikoak mendearen amaia arte iraun zuen; horrez gainera, 1898ko haize-erauntsiak eta sumendiaren 1902ko eztandak hazkundea galarazi zuten. 1958an Mendebaleko Indien Federazioan sartu zen, baina handik lau urtera, federazioa desegin zenean, Britainia Handiarekin elkartutako estatu bilakatu zen. 1979ko urriaren 27an, Saint Vincent eta Grenadinak herrialdeak burujabetasuna erdietsi zuten, eta Commonwealth erakundearen barruan gelditu ziren. Lehenengo hauteskundeak Saint Vincenteko Langileen Alderdiak irabazi zuen, Milton Catoren buruzagitzapean. Lehenengo urteetan indarkeria politikoa nagusitu zen, baina 1984ko hauteskundeetan, James Fitz-Allen Mitchellen Alderdi Demokratiko Berriak irabazi ondoren, baretu egin zen egoera, eta, besteak beste, Grenadinen banakuntzarako saioak ezereztu ditu. 1998an, James Fitz-Allen Mitchellek ordu arteko hauteskunde guztiak irabaziak zituen. Bere politikaren ardatz nagusiak hauek izan ziren: langabeziari aurre egiteko nekazaritza eraberritzea eta Karibe ekialdeko estatuen arteko loturak estuagotzea, Karibe ekialdeko estatuen erakundearen bidez. 2001eko hauteskundeetan, Fitz-Allen Mitchellek agintea galdu eta Ralph Gonsalves izendatu zuten Lehen Ministro. 2005ean, Gonsalvesek berriz irabazi zituen hauteskundeak.
http://www.gov.vc/govt/index.asp