Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Sahara

Munduko basamorturik zabalena, Afrikako iparraldean. 8.300.000 km2 inguru. Mugak: mendebalean, Ozeano Atlantikoa; iparraldean, Mediterraneo itsasoa eta Atlas mendialdea; ekialdean, Itsaso Gorria; hegoaldean, Sahel lurralde mortua. Hamaika estatuko zatiak hartzen ditu: Mendebaleko Sahara, Maroko, Aljeria, Tunisia, Libia, Egipto, Mauritania, Mali, Nigeria, Txad eta Sudan.  v  Orografia. Ordoki zabala da oro har, landarerik gabea, harritsua (hamada) eta hareatsua (erg). Aljeriako Saharako Ahaggar eta Txad iparraldeko Tibesti dira mendialde garaienak. Behe-ordokiak, zenbaitetan, itsas mailatik behera daude, Egiptoko Qatara-ko sakonunea, esaterako.  v  Klima. Saharako eremu zabal askotan ez du euririk egiten urteetan. Tenperaturek aldaketa handiak dituzte urtean zehar, eta baita egunean zehar ere. Basamortuaren iparraldean eta mendialdeetan izotza egiten du neguan. Tenperatura gorenak uztailean eta abuztuan izaten dira iparraldean (70 °C harean), eta maiatzean eta ekainean hegoaldean. Berdeguneetan inguruko basamortuetan baino klima leunagoa da, mikroklima edo tokiko klima bereziari esker. Iparraldean haize alisio lehorrak jotzen du ia urte guztian, eta hegoaldean montzoi haizeek jotzen dute. Montzoiekin batera euria egiten du Sahel-en, basamortu gordina hasten den lerroan hain zuzen. Basamortuko haizeak bortitzak dira batzuetan eta hare-ekaitzak sortzen dituzte. Sahel-en udazkenean jotzen duen harmatan haizeak urtaro hezean hazitako bazkarako landareak ihartzen ditu. Itsaso Atlantikoaren eragina nabarmena den zerrenda oso estua da. Mediterraneo itsasoaren ertzeko Libia eta Egiptoko kostaldeetan tenperatura leunagoak izaten dira, eta estepako landareak hazten dira. Basamortuaren erdialdean ez du euririk egiten eta ez dago landarerik. Ordea, Paleolitoetan eta Neolitoetan Sahara lurralde hezea zen; horren lekuko dira aurkitu diren historia aurreko pintura ugariak, artzain zibilizazio handi baten aztarna direnak. v Landareak eta fauna. Datila da Saharako arbola nagusia eta oasietan hazten da. Basamortuko muturretan akaziak eta milazkak ikus daitezke. Faunari dagokionez lurralde lehorretara egokitutako animaliak (gameluak, dromedarioak) bizi dira. Basamortuko muturretan gazelak eta antilopeak daude, eta intsektu eta hegazti mota batzuek alderik alde igarotzen dituzte eremurik lehor eta beroenak. v Biztanleak. Oasietan bizi ziren biztanleak beltzak ziren, Mediterraneo aldeko zuri berberiarrak iritsi ziren arte. Berberiar etniari dagozkio, gaur egun, iparraldeko herri arabiar-berberiarrak, mendebaleko musulmanak (Mauritania) eta erdialdeko tuareg-ak. Berberiarren eta beltzen arteko nahasketaren ondorengoak dira Txad iparraldeko Tibestiko teda herriak eta basamortuko hegoaldekoak. Bi bizimodu nagusi bereizi dira antzinatetik Saharan: artzain nomadena (basamortuko muturretan) eta oasietako nekazariena. Saharako estatuetako gobernuek eta ekonomia aldaketa sakonek bizileku finkorik ez dutenen bizimodu aldaketa bultzatzen ari dira gaur egun. v Ekonomia eta garraioa. Ibilgailu motordunak agertu artean gameluak ziren garraio motarik erabilienak eta berdeguneetan atsedenaldiak hartuta alderik alde, iparraldetik hegoaldera, igarotzen zuten basamortua. Gamelu karabanek urrea, bolia eta esklaboak garraiatzen zituzten hegoaldetik Mediterraneoko kostalderaino, eta itzulian gatza eramaten zuten hegoaldera. Lurpeko aberastasunen ustiapenaren (burdin, kobre eta manganeso hobiak Aljeria eta Mauritanian; fosfatoak Mendebaleko Saharan; gas naturala eta petrolioa Libia, Aljeria, Tunisia eta Egipton) ondorioz mea burdinbideak eta petrolio hoditeriak eraikitzen ari dira.